BIO 5000 gailu analitiko guztiz automatizatua, konektatua eta doitasun handikoa da, elikagaien parametro nagusiak modu autonomoan zehazteko aukera ematen duena.
Aste honetan aurkeztu dugu BIO 5000, BIOLANen biosentsoreen belaunaldi berria, elikadura-kontroleko prozesuak automatizatzeko eta sinplifikatzeko diseinatua. Teknologia berri hori INFOFISH World Tuna Trade Conference & Exhibition nazioarteko topaketan (Bangkok) eman da ezagutzera, mundu osoko arrantza-industriako enpresa liderren aurrean, baita Chulalongkorn Universityn ere, Spanish-Thai Chamber of Commerce-ren gonbidapenari esker.
BIO 5000 biosentsoreen belaunaldi berri bat da, elikagaien parametro nagusien kontzentrazioa modu erabat autonomoan zehazteko gai den teknologia, denbora aurreztuz eta produkzio-prozesuetako kontrol-eragiketak sinplifikatuz. BIO 5000 merkaturatu egin da histamina kuantifikatzeko, arrantza-produktuen kalitatearen adierazle nagusietako bat. Hala ere, gailua elikagaien segurtasunari eta kalitateari lotutako hainbat parametro neurtzeko prestatuta dago.
BIO 5000 ekipoa biosentsore entzimatikoetan oinarritutako teknologia aplikatzearen emaitza da. BIOLANek garatu du oso-osorik berrikuntza hori, eta, horri esker, nazioarteko merkatuan lider bihurtu da konpainia. Horrez gain, gailu berri honen berrikuntza nagusietako bat autonomia operatiboa da, izan ere, 19 analisi egin daitezke erabiltzaileak esku-hartzerik gabe, eta, hala, denbora aurrezten da prozesu bakoitzean, eta laborategien eta kontrol-prozesuen eraginkortasuna handitzen da. BIO 5000k diseinu sendoa du, erabilgarritasun eraginkorra eta aurreratua duena, BIOLANen plataforma digitalera konektatutako berariazko aplikazio baten bidez.
Ekipo berria BIOLANen estrategiaren parte da. Estrategia horren helburua da soluzio berritzaileak eskaintzea kontrola eta erabakiak denbora errealean hartzea errazteko, balio-kate osoan trazabilitatea indartzeko eta elikagai-ekoizpen seguruagoa, eraginkorragoa eta jasangarriagoa lortzen laguntzeko. Merkaturatze honekin, BIOLANek analisi-eskaintza teknologiko aurreratua eta adimenduna indartzen du, betiere elikadura-sektorearen behar errealei, operatiboei eta lehiakorrei erantzuteko helburuarekin.






